Hiriak 09 – JET LAG BIO Rotating Header Image

GAZTEA IZATEA ESKUBIDEA ERE BADA/// POR EL DERECHO A SER JOVEN

Pasaden astean, Jet Lag Bio 09-ko bloggerrak elkar ezagutzeko bildu ginenean, agerian geratu zen amankomunean geneukan hipotesia: birtualki miakatuko ditugun sei hiriak -Shangai, Berlin, San Frantzisko, Dakar, Medellin eta Bilbo- ez direla hain desberdinak egiaztatuko genuelaren bihozkadarekin hasi dugu abentura hau. Gaur bertan lehenengo froga bat aurkitu dut. Halabeharrean sinesten al duzue?

Atzo, Medellin-en, Gaztetasunaren Astea hasi zen. Hau da, Bilbon urrian ospatuko den hirietako gazte adierazpenen jaialdiaren blog-ean idazten hasi garen aste berberean, Medellin-en hiriko gazteen jaialdiari hasiera eman diote. Ospakizunak hasteko manifestaldi moduko bat antolatu zuten, Gaztea izatearen eskubidearen alde lelopean.  Indarkeria -politikoa, soziala, sexista…- nonnahi dagoen herrialde batean gazteen adierazpenek badaukate ezinbestez esanahi politiko bat. Hunkigarria izan behar du testuinguru horretan 5.000 gazte kalean eskuak lotuta aurrerantz ibiltzen ikusteak, gizarteari eurak direla etorkizuna gogorarazten.

Giza erakundeen txostenek agerian usten dute Medellin-eko gazteen  oinarrizko giza eskubideak ez daudela bermatuta. Txikitatik erailketa eta bahiketen artean haziz gain, kalean bizi dira asko; poliziaren gehiegikeriak pairatzen dituzte; nerabeen artean haurdunaldiak ugariak dira; eskola askotan sexu aniztasunaren adierazpenak isun eta guzti zigortuak daude… Datu horiek irakurrita zentzua dauka gazte izatea, gazte bezala bizi ahal izatea, eskubide bat dela aldarrikatzeak.

Horrela aurkeztu zuten martxa: “Gure energia eta sormena erabiliz ibiliko gara, batuta eta motibazioz beteta gaudela adieraziz eta gure hiria zaindu, eraiki eta gozatzeko gure erabakia publikoki frogatuz. Hain gurea den jarrera kritiko eta baikorrarekin ibiliko gara gure kaleak, parkeak, auzoak eta bidezidorrak antzerkia, musika, ludikotasuna, literatura, topaketa eta abarren bidez defendatzeko. Horretarako, gure gorputzez, ahotsez eta aniztasunez baliatuko gara.  Bizitza zenbat maite dugun eta Medellin ere zenbat maite dugun adieraziko dugu”.

Medellin-eko gazteek badakite protestatzeko modu onena “mani-festa” dela, errealitatearen gordintasunari irribarrezka aurre eginez. Argazkiek kriston jai giroa erakusten dute, mozorro, musika, antzezle, su jaurtitzaile, itzulipurdikari eta guzti.  Programazioan ere, hirietako gazteen adierazpenak dira nagusi. Besteak beste, hip-hop jaialdia; reggae, hard core eta metal doinuez betetako kontzertuak; arte gazte eta garaikidearen inguruko esposizioa, Visualiz-arte deitutakoa; muralez beteko da hiria eta ikusentzunezko hainbat artelan aurkeztuko dira…

Medellin eta Bilbo ez daude hain urrun.

Buruko minik gabe heldu da Jet Lag.

Gazteen manifestaldia. Egilea: Fredy Zuluaga

Gazteen manifestaldia. Egilea: Fredy Zuluaga

Utzi iruzkina /// Dejar comentario