Estetikari dagokionez (eta ez bakarrik) black-power-aren alde egiten dut sutsuki. Betidanik txunditu izan nau pertsona beltzen edertasunak, bai beren gorputz biluziena (atletikoak, boluptuosoak) zein jantziena. Larru beltza eta ile kizkurra inbidiaz jota begiratzen ditut. Afrika beltzeko estetika munduko koloretsu eta erakargarrienetakoa da. Hori da nire iritzia baina ez moda industrian boteretsu direnena. Burura etortzen zaizue disenatzaile beltz ospetsuren bat? Eta afrikarra? Zenbat minutu behar dituzue Naomi Campbell ez den beste modelo beltz bat gogoratzeko? “La Diosa de Ébano”. Imajinatzen duzue supermodelo txuri guztiei “La Diosa de Porcelana” izena jarriko baliekete? Modan arrazakeria nagusi da, dudarik gabe. Joera horren kontra egiteko asmoarekin, hona hemen afrikako modelo eta disenatzaileei buruz aurkitu dudana:
Etiopeko Liya Kebede da Vogue aldizkariak egiten duen top model sailkapenean sartzea lortu duen modelo beltz bakarra. Bere argazkiak ikusita, agerian dago bere aurpegikera nahiko kaukasikoa dela: ez ditu ezpain lodiak, ezta sudur zabala eta ilea lautua eramaten du.
Europan disenatzaile ospetsuena Dakarren bizi eta lan egiten duen Oumou Sy dugu. Paris-en denda bat ireki du eta munduko modaren hiriburu nagusietako desfileetan parte hartzea lortu du. Emakume honek Afrikako sustraiak mantentzen ditu: soineko tradizionaletan oinarritzen da, modelo beltzak aukeratzen ditu eta Baaba Maal eta Youssou N’Dour bezalako Senegaleko abesleen musika erabiltzen du. Post honetan sartu ditudan hiru bideoetan bere desfileez goza dezakezue.
Nire ustez, nortasun eta presentzia indartsuak izan behar dira Afrikako jantziak, orrazkerak zein apaingarriak erabiltzeko. Nire lagun bat Senegalera joango da hurrengo hilabetean. Helduko denerako ramadama bukatzear egongo da eta amaiera hori ospatzeko pertsona guztiek jantzi berriak erabiliko dituzte. Berari ere soineko bat oparituko diote. Ilusio handiz hartu du albiste hori, baina zalantza bat etorri zaio burura: posible al da txuri batentzat Afrikako arropak janztea mozorratuta dagoela eman gabe? Niri ere erronka galanta iruditzen zait. Afrikara bidaiatzeko aukerarik ez badaukazue lasai egon, Bilbon bertan zalantza hori argitzeko aukera izango duzue eta. Oraingoz ezin dut ezer asko aurreratu, baina adi egon Jet Lag Bio-ren programazioari!


